Ikasketa kooperatiboa – IK/KI

ikkiIkaskuntza kooperatiboa, duela sei ikasturte, LHn eta DBHn abian jarri genuen proiektu garrantzitsu bat da. Haren xederik azpimarragarriena, ikasketa kooperatiboa landuz, ikastola eskola eta, finean, gela inklusiboa izatea da. Kontzeptu horrek berarekin dakar ikasle desberdinak (ahalmenez, interesez, motibazioz, kulturaz, hizkuntzaz, gizarte jatorriz edo beste zernahi aldez), elkarrekin lan egin eta batak bestearengandik ikas dezaten ahalbidetzea: gure ikasleak lankidetzan eta elkarlanean aritzea, elkarri laguntzea, ikasketetan ikasle guztiak aurrera egitea. Hori, jakina, kontuan izanik nork bere ahalmenak dituela eta gaitasun horiek ahalik eta gehien garatzeko helburuz garatzen dela proiektua.

Berez, ikasketa kooperatiboa eredu metodologiko bat da. Ikasleek talde txikietan egiten dute lan eta horiek ikasle hetereogeneoz osatzen dira, hots: errendimendu eta ahalmen ezberdinak dituzten ikasleak elkartu ohi dira, tutorearen gidaritzapean. Erabilpen didaktiko eta jarduera-egitura multzo anitza baliatzen da halakoetan parte hartzea ahalik eta gehien orekatzea ziurtatzeko. Hala, ikasleek taldean lan egiten ikasteaz gain, taldekideen arteko konplizitatea indartze da, bertako kide guztiek, bakoitzak bere gaitasunen arabera, ikaskuntza prozesuan aurrera egin dezaten. Proiektu honen baitan gure ikasleak honako alde hauek garatzen dituzte:

  • Taldekide guztiek parte hartzean, guztien emaitzek hobera egiten dutela
    ohartarazteko aukera ematen die.
  • Ikasteko kooperatzen eta kooperatzen ikasten dute.
  • Ikastalde inklusiboak lortzen dira, alegia:
  1. Bestea ulertzen ikasten dute.
  2. Bestearen beharrak zeintzuk diren identifikatzen ikasten dute.
  3. Bestea laguntzen ikasten dute.
  4. Erantzukizunak hartzen eta partekatzen ikasten dute: taldekide bakoitzak bere rola
    duenez, erantzukizun jakinak hartu beharra izaten baitu.
  5. Taldeko partaide izanik, lehenik, lana autonomiaz egiten ikasten dute, eta,
    ondoren, taldearekin partekatzen.
  • Autoerregulaziorako mekanismoak ere barneratzen dituzte: konpetentziak
    ebaluatzeko irizpideak eta adierazleak taldean adosten baitituzte.