EKI – Ikastolen proiektua

eki

EKI PROIEKTUA IKASTOLETAN
2013-2014 ikasturtean abiatu den hezkuntza-eredu berria da eta Euskal Curriculumaren garapenerako jaio den lehen ikasmateriala da. Urtez urte hedatuko da DBH osora sei arlotan: Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Matematika, Naturaren Zientziak eta Gizarte Zientziak. Proiektuak hezkuntza osoa eta integrala  bideratzea du helburu nagusia eta, hori lortzeko, hainbat ezaugarri ditu. Laburbilduz, konpetentzien  garapena du ardatz nagusia eta hori egoerei aurre eginez lortzen da. Bestela esanda, bizitzako egoera desberdinei eraginkortasunez erantzuteko aurrez eskuratutako ezagutzak egoki hautatzen eta erabiltzen ditugun neurrian bilakatzen gara gero eta konpetenteago.

Horrela, Integrazioaren pedagogiaren baitan, bizitzan gertatzen den bezalaxe, ikastolako jardunean ere ikasleak bereganatutako ezagutzak egoerei aurre egiteko baliatzen dituen neurrian garatzen ditu konpetentzia orokorrak (pentsatzen eta ikasten,  komunikatzen, norbera izaten, elkarrekin bizitzen eta egiten eta ekiten ikasi) eta baita arlo bakoitzeko konpetentzia espezifikoak ere. Hori guztia behar bezala gauzatzeko, hainbat eskakizun bete behar dira, besteak beste: ikaslea ikaskuntza-prozesuaren protagonista nagusia izatea, haren jarduna aktiboa izatea eta, nola ez, ikaskuntza-irakaskuntzarako hautu metodologiko egokia egitea. Irizpide horien arabera  ondutako material didaktikoa da EKI.

Horretaz gainera, azpimarratzekoa da baliabide digitalak  integratzeko proiektuak egiten duen ahalegina bi zentzutan: bai euskarri didaktikoak aurkezteko bai ikaskuntza- irakaskuntza prozesuan helburu eta bitarteko gisa bistaratzeko.

Materiala zuzenean ezagutu nahi izanez gero, jarraitu ondoko esteka: EKIGUNEA

ekigunea