Konfiantzaren Pedagogia

ERALDAKETA PEDAGOGIKO BERRITZAILEA URRETXU-ZUMARRAGA IKASTOLAN

Konfiantzaren Pedagogia pertsona ulertargazkzeko eta begiratzeko modu jakin batetik abiatzen den esku hartze mota jakin bat da.

Haur eta gazteek euren buruarengan,  besteengan eta euren inguruan segurtasuna eta konfiantza sentitzen duten heinean garatzen dituzte gaitasunak. Konfiantza horixe lortu nahi dugu, hain zuzen, haurrak bere burua baliotsutzat jo dezan.

Konfiantzaren Pedagogia,  funtsean, pertsona ulertzeko modu bat da, hots, haur bakoitzaren gaitasunak ahalik eta gehien garatzea bilatzen duen moldea. Irakaslearen ohiko egitekoa,  beraz, aldatu egiten da .Ikaslearen bidelagun bihurtzen da   eta haren gaitasunak, beharrak eta zailtasunak deskubritzen laguntzen dio.

Izan ere, haurrak bere buruarengan konfiantza badu, prest egongo da ingurunea esploratzeko, arakatzeko, aurkikuntza berriak egiteko. Ikuspegi honetatik, hezitzailearen lana, nagusiki,   horretarako baldintzak  sortzea da. Horrek, ikastolako espazioak proiektu pedagogikoaren zerbitzura jartzea eskatzen du, orain arte hura ulertzeko izan dugun moldea alde batera utzita.

Espazioa birdefinitzeko behar horrek baditu oinarri psikologiko eta pedagogiko sendoak, zeintzuek haurraren garapen naturalaren legeak errespetatzen dituzten. Ondorioz,  haurrari aukera anitzak eskaintzen zaizkio autonomia garatzeko,  adin ezberdinetako haurrak elkarrekintzan aritzeko eta haurrak berezkoak dituen senak lantzeko: zaintzarako sena,  atxikitzeko sena, miatzeko sena, kidetzeko sena…

Urretxu-Zumarraga Ikastola, 2015/2016 ikasturtean hasi zen Konfiantzaren Pedagogia habian jartzen, pauso txikiak emanez, baina pauso sendoak. Horretarako,   irakasleak   Rafael Cristobal adituaren eskutik formazio sakon bat egiten hasi ziren.

2016/17 ikasturtean aldaketa batzuk egin ditugu egunerokoan, irakasleak formazioarekin jarraitzen dute eta guraso eskolak martxan jarri ditugu. 2017ko irailerako bukatuta izango dira Haur Hezkuntzako berritze lanak eta espazioa eta pedagogia uztarturik ibilbidean aurrera egingo dugu ilusioz beterik haurren beharrei erantzunez eta haurra benetako protagonista bihurtuz.