ZER ZARA?
FAMILIAK

KONFIANTZA IZENETIK IZANERA

Eredu pedagogiko propioa dugu Urretxu-Zumarra Ikastolan: Konfiantzaren pedagogia. Konfiantza da gure ikaste-prozesuaren hezurdura eta hori ardatz hartuta, ikasleek beren buruarengan, besteengan eta inguruarengan segurtasuna izatea lortzen da. Eta, honela, etorkizuneko erronkei era autonomo nahiz kolektiboan aurre egiteko kapaz izango dira.

Konfiantza eremu eta ertz guztietara ekarri dugu Urretxu-Zumarragako Ikastolan. Espazioak eta arkitektura, oro har, pedagogiaren mesedetan jarri ditugu. Ikasgelak irekiak dira eta ikasleak modu askean ibiltzen dira espazio horietan barrena. Gainera, honela, adin desberdinetako haurrak harremantzen dira eta elkarrekin ikasten dute.

Espazio ireki horietan txokoak dauzkate. Txoko bakoitzean alor jakin bat lantzen da. Haurrak, beraz, adimen desberdinen garapena izaten du eta interesa pizten dion gai horretan sakondu dezake. Txokotan ez ezik, proiektuka ere egiten dute lan.

Ahalik eta heziketa eraginkorrena izateko helburuarekin eta haurrek bizitzan arrakasta izateko xedearekin, egoera errealetan oinarritutako proiektu bidezko metodologia erabiltzen dugu. Kasu praktikoak landuta erronkei aurre egiten ikasiko dute. Honela, errealagoa izango da ikaste-prozesua, bibentzialagoa. Proiektu interdiziplinarrak egingo dituzte, proiektu bakarrean hainbat jakintza eskuratzeko.

Ikaste-bidaia horretan, irakaslea bidelaguna izango da. Haurraren interesak, beharrak eta gaitasunak pizten laguntzen dio irakasleak; eta, era berean, taldearen garrantzia barneratzen ere irakatsiko die. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasiko dute.