ZER ZARA?
FAMILIAK

SIZILIARRAK GURE ARTEAN

Eta, azkenik, iritsi zen agur esateko ordua. Astebete gure artean egon eta gero, Siziliako (Italia) elkartrukeko ikasleak etxera itzuli ziren astearte goizaldean. Lizeoko 4. DBHko ikasleak Italian egon ondoren, siziliarrek gurera etortzeko txanda zuten oraingoan, eta denetik egiteko aukera izan dute: gure Ikastola berritua ezagutu zuten; Zumarraga eta Urretxuko udaletako ordezkariek harrera egin zieten eta udaletxeak bisitatu zituzten; Donostian egunpasa egin zuten, hiria ezagutzeko joko baten bidez lagunduta; Bilbo eta Gaztelugatxe bisitatu zituzten, eta gure ikasleekin harremana sendotzeko beste hainbat ekintza ere egin zituzten.

Agurraren festa

Baina, momentu horiek guztiek bukaera bat izan behar, eta astelehen arratsaldean, seietatik aurrera, agur esateko ekitaldia izan zen unerik hunkigarriena. Gurasoek prestatutako afaria lagun, ikasleek kantuz eta dantza eginez eman zioten amaiera asteari. Eskerrak emateko modu bat ere izan zen astelehenekoa. Irakasleek ere hitza hartu zuten, eta gero gure ikasleak zein italiarrak arduratu ziren festari kolorea jartzeaz. Koreografiak, dantzak eta kantuak, denetik erakutsi zuten Ikastolako jangelan prestatutako aretoan. Gurasoak, afaltzeko denetariko platerak prestatzeaz gain, bertan egoteko aukera izan zuten eta, denen artean, aurtengo elkartrukeari agur bikaina eman zioten. Esperientzia zoragarria beste behin ere!

 

ARGAZKIAK HEMEN

 

 

 

Leave a Comment

You must be logged in to post a comment.